XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Halaber, gauza berria da ureztalur bihurtu beharreko lursailen erregimena.

Horretarako eta fondo publikoen bidez lursail horietan sortutako gainbalioarekin espekulatzea galaraztearren, ureztalur bihurturiko lursailen araubidea ezarri da.

Erregimen horrek, laburzki, transmisioa mugatzen du, jabeak bere lursaila ureztalur bihurtzeko egindako inbertsio publikoaren kostua Administrazioari ordaintzen dionean salbu, eta sekain lurraren balioarekin transmititzea baino ez du uzten, transmisio horietan Nafarroako Gobernuak eroslehentasun eta atzera-eskuratze eskubideak izanik; araubide horretatik mortis causa transmisioak eta gurasoengatik seme-alabenganako dohaineko transmisioak bakarrik salbuesten dira.

Azkenik, lurzati kontzentrazioaren prozeduran egitura razionalago bat sartu da, prozedura osatzen duten iharduketen ordena kronologikoan moldatua, arlo honetako eskumenak erabiliz lortutako esperientziaren emaitza diren berrikuntza garrantzitsuak sartuz.

I. TITULUA. Xedapen Orokorrak

I. KAPITULUA Xedea

1. artikulua.

1. Foru Lege honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatearen iharduketa arautzea nekazaritzako azpiegituren erreforman.

Batez ere, lurzati kontzentrazioaren bidez eramanen da aurrera erreforma hori, baina lurzatiak berrantolatzeko beste prozedura batzuk ere ezarri dira zenbait kasutarako, ukitutako lurren ezaugarriak direla eta, lurzati kontzentrazioa ezinezkoa denerako.

2. Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 46. artikuluan Foru Komunitatearen Administrazioa antolatzeko ezarritako eskumenak galarazi gabe, Foru Lege honen ondorioetarako, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentua da lurzati kontzentrazioan eskumena duen organoa.

II. KAPITULUA Lurzati kontzentrazioaren printzipio eta helburuak

2. artikulua.

1. Onura publikoa dela bide, lurzati kontzentrazioa eginen da landa jabetzako lurzatiek azpiegitura txarra edo halakorik ez izateagatik ustiategi bideragarririk galarazten den tokietan, eta lehentasuna izanen dute ureztalur bihurtu beharreko eremuek edo ureztapenak beste egitura bat edo hobekuntza behar badu, edo Nafarroako Foru Komunitaterako interesgarritzat jotzen diren herrilanak egin behar badira.

2. Foru Lege honetan aurrikusitako kasuetan salbu, Nafarroako Gobernuak erabakitako Foru Dekretuz eginen dira lurzati kontzentrazioak, aurretik bideragarritasunaren azterlana eginik eta lurzati kontzentrazioan eskumena duen organoak proposaturik.

3. Lurzati kontzentrazioa egin behar dela erabakirik, nahitaezko izanen da ukitutako lursailen jabe guztientzat eta haien gaineko eskubide erreal eta egoera juridikoen titularrentzat.

4. Foru Komunitateko Administrazioak ordainduko ditu lurzati kontzentrazioaren lanek sortutako gastuak, Foru Lege honetan xedatutakoari jarraituz.

3. artikulua.

1. Lurzati kontzentrazioaren helburu nagusia egitura egokiko ustiategiak eratzea da, bideragarriak izan daitezen, eta horretarako eta lur moten artean behar diren konpentsazioak eginez, honako hau bilatuko da:

a) Jabe bakoitzari, esparru biribilean edo ahalik eta ordezko lursailen kopuru txikienaz, azalera bat ematea, lehendik dituen lurzatiei emandako balioaren adinakoa, kontzentrazioaren oinarrien arabera.

b) Ustiategi berean sartutako lursailak elkarren ondoan ematea, nahiz eta jabe berarenak ez izan.

c) Zein den eremu batean oinarrizko azalera, hura betetzen duten nekazaritzako ustiategiak sustatzea eta galera sortzen duten ustiategiak, kentzea.

d) Lursail berriak ahalik eta hobekien kokatzea, laneko etxea, interesatuaren etxebizitza edo lursail nagusia dagoen tokitik ustiategiaz arduratzeko.

e) Lursail berriei zuzeneko sarbidea ematea komunikazio bideetatik, eta horretarako, behar diren bideak moldatuko dira edo berriak eginen.

f) Behar izanez gero, jabetza eta ustiategien egitura berria teknikoki behar diren baldintzetara egokitzea ureztapen obra eta instalazioak tajutzeko, eta oinarrizko instalazioari lotutako ur hartuneari dagokion gutxieneko azalera finkatzen saiatzea.

4. artikulua.

Salbuespen bezala, lurzati kontzentrazioaren prozedura landa ondasunen komunitateak banatzeko erabiltzen ahalko da, gerora, Erregistroaren eta errealitatearen artean alderik gertatuz gero, kontzentrazioa egiteko, partaide gehienek horren kontra jotzen ez badute, zatiketa galarazten duen itunik ez bada eta haren bidez lursailen probetxamendua hobea bada.